Delako elkarte hori ezezaguna zen orain arte Nafarroan eta Pablo Yañez da bere presidentea; kasualitatez edo pertsona bera da “Ciudadanos” izeneko alderdiaren idazkari nagusia Valladoliden . Ezaguna denez alderdi horrek espainiar Estatuko herri eta nazionalitateen eskubide politiko eta linguistikoen kontra borrokatzea du helburu nagusietako bat eta hemen, Berriozarren, 2009. urteko txupinazo famatuan ziria sartzen ibili zenetako bat izan zen.
Pablo Yañez-ek SER kateari adierazi dionaren arabera “Baztango Udalak gaztelania bizitza publikotik ezabatzeko ordenantza onartu du”. Errealitatea, aldiz, guztiz bestelakoa da. Baztango Udala euskararen legeak zedarritzen duen zonalde euskaldunean kokatzen da, oraingoan egin dutena zera da: udal legeria egokitzea baztandarrek tokiko administrazioaren aldetik euskaraz hartuak izateko duten eskubidea betetzeko eta euskararen erabilera administratiboa arautzeko; hori guztia euskararen legeak agintzen duenari jarraikiz. Izan ere gaur egun arte eskubide horiek ez ziren betetzen edo beren betebeharra behintzat ez zegoen arautua Baztanen. Horrela salatua zuen euskararen Behatokiak aldizka egiten dituen neurketetan. Beraz, izaera jakobinoa duten alderdi zentralisten intrusismo politikozko kasu berri baten aurrean gaude, gure herrialdean ordezkapen politikorik izan gabe nafarren hizkuntz eskubideak murriztu nahi dituen alderdi batek bultzatua. Ikusi beharko da orain zein den Nafarroako Artekariak hartuko duen erabakia salaketa horren aurrean, izan ere euskararen kontrako gatazka populista berri baten hasieran egon gintezkeelako.
0 comentarios:
Publicar un comentario