Bart arratsean bilera berezi bat ospatu zen Berriozarko Kulturgunean M-15 izenarekin ezaguna den mugimendu asanblearioak deituta. Berrogeita hamar bat lagun, gehienak berriozartarrak, bildu ziren bertan kanporatzeei buruz mintzatzeko. Izan ere, Berriozarren laster batean lau familia euren etxeetatik kanporatuak izan baitaitezke banketxeekin dituzten hipoteka-zorra ordaindu ezin dutelako.
Bileran M-15eko kideek kanporatzeei aurre egiteko orain arte jorratu duten bidea azaldu zuten eta bankuei aurre egiteko hainbat formula konpartitu. Zifra batzuk ere eman zituzten ezagutzera: besteak beste, 2008. urtetik 2011ra 250.000tik gorako etxe-kanporatze burutu direla Espainiar Estatuan gogoratu zuten eta Nafarroan, bataz beste, egunero bi kanporatze burutzen direla. Atzoko bilerako parte-hartze ugariak ideia berriak proposatzeko balio izan zuen, errate baterako, bide berri bat jorratu behar dela prest dauden udalekin elkarrekin lan egiteko, kanporatzeak burutzen ari diren banku-entitateen izenak salatu behar direla eta ahal diren presio neurriak hartu, publizitate gehiago eman behar zaiela etxe-kanporatzeei, hutsik dauden etxebizitzen zenbaketa egin behar dela, VINSArekin hitz egin behar dela, kanporatze-arriskuan dauden pertsona eta familiei laguntza emateko bulego bat ireki daitekeela herri eta auzoetan, Berriozarren errate baterako, e.a. Mugimenduaren ordezkariek atzo erran zutenez gustoko lukete Berriozarko Udalarekin bilera berezi bat egitea bide horrek ematen duen kolaborazio-aukerak aztertzeko eta litekeena da mozio bat aurkeztea heldu den osoko bilkurarako etxe-kanporatzeen aurrean oposizio jarrera sendo bat agertuz.
Hain segur atzo egindako etxe-kanporatzeei buruzko lehen batzar hori ez da azkena izanen eta agerikoa da M-15 mugimenduak gorputza har dezake gure herrian ere. Albiste ona zalantzarik gabe, etorkizunari begira sistema zapaltzaile honen kontra beste borroka bide bat irekitzeko balio dezakeena.
en Diario de Noticias
0 comentarios:
Publicar un comentario