Pasa den ostegunean, Nafarroako Legebiltzarreko osoko bilkuran, hezkuntzari buruzko mozio baten eztabaidan, agintea eta boterea –auctoritas eta potestas- hitzak errepikatu ziren irakasleen jokabideak aztertzerakoan. Eztabaida polita iduritu zitzaidan, Nekane eta Bakartxo legebiltzarkideek ongi burutua. Gero, arratsaldean, Roberto Jimenezen hitzezko erasoa jaso nuen, inolako justifikaziorik gabea, bide batez errana.Iraina, laudorioa bezala, kontu etiko edo morala da. Irainak, pertsonaren izena zikintzeko efektua izateko, zuzenduta dagoen publikoaren aldetik autoritas onartzen zaion pertsona batek botata izan behar du, bestela ez du bere eragin publikoa lortzen.
Joan den ostegunean Roberto Jiménez protagonista nagusi –eta ni nahi gabeko bigarren- izan zuen zoritxarreko gertakariak agerian utzi zuen Nafarroako Gobernuan botere handia baina autoritate txikia dagoela. Lehendakari-ordeak nire kontra zuzendu zituen deskalifikazio edo susmo txarrek ez ninduten zikindu; ondorengo komentario eta balorazio publiko gehienetan ikusi dugun bezala, Nafarroako gizarteak botere moralik ez baitio onartzen iraintzaileari. Aldiz, ene uste apalean, irainak bota zituena izan zen bere burua zikinduta bukatu zuen bakarra. Irainak, benetakoa izateko, gizartearen aldetik irain gisa hartua izan behar duelako, eta ostegunean legebiltzarrak nola nafar gizarteak iraintzat hartu zuena Jiménez Jaunaren jokaera penagarria izan zen.
Xabier Lasa












0 comentarios:
Publicar un comentario