Azken sei urtetan bezala, Ezkaba mendira igotzen hasi genuen berriozartar batzuok urte berria. Gazte denborako gau pasak aspaldi utzi genituenok eta gau pasa horietara joateko oraindik adina ez dutenak biltzen gara gehienbat urte hasierako ibilaldi berezia honetan, eta orain arteko balantzea ezin hobea da. Aurrean dugun urtearen metafora gisa uler daiteke ibilaldia.
Gora ibiltzeak ahalegina eskatzen du, aurten beharbada kilometroak bikoiztu edo hirukoiztu beharko genituzkeen zeren eta konbentzituta gaude urteak eskatuko digun ahalegina bi edo hiru ahalakoa izanen dela aurreko urtekoekin alderatua. Bidea lokaztua egon ohi du, aurten bai, lohiez betea zegoen, eta zikindu ginen, eguneko mila borrokek zikintzen duten gisan. Euria ere lagun izan genuen hainbat unetan, eta hotza, behe lainoek hezurretaraino sarrarazten zigutena. Horrelako hotzik sentituko dugu urte berrian. Baina gora igo eta beheko hodeien artetik guneak atzeman genituen, batzuetan Berriozar ia osoa ikustera irits zitekeela, Iruñea, aldiz, estaliagoa zegoen.
Hain segur, aurtengo metafora hori da. Urte gogorra dugu aurretik, udalean gabiltzanok herri politikagintzan une gogor bezain interesgarriak biziko ditugulakoan nago. Eta lan horretan giza taldearen elkar laguntza ezinbestekoa izanen zaigu. Hori da gailurrera iristeko estrategia nagusia, hori gailurretik magalera itzultzeko sekretua.
Aurten, azkeneko sei urteetan bezala, Ezkabako gailurrera igo gara urtatsetan, urtearen lehen egunean, eta heldu den urteaz gogoeta egiteko aukera izan dugu.
0 comentarios:
Publicar un comentario