Larunbatean, Bilboko kaleetan burutu zen manifestazioa ikaragarria, itzela izan zen. Euskal Herriko historian beste inflexio puntu bat. Beste urrats kualitatibo bat, Bakearen eraikuntzan. Eta zalantzarik gabe, herritarrek larunbatean ikaragarrizko bultzada eman zioten Bake prozesuari. Inoiz baino ageriago geratu zen Bakea herriaren, herritarren, eskutik etorriko dela, eta Bakearen
eraikuntzan nahitanahiez herritarrekin kontatu behar dela, benetako bakea eraikitzeko.
Herriaren oihua, aldarria, nabarmena izan zen, baita entzun nahi ez dutenentzat ere. Herriak bakean bizi nahi du, giza eskubide guztiak errespetatuak izatea nahi du; herriak konponbidea nahi du. Garbi geratu zen euskal gizartea momentuak eskatzen duen mailan dagoela, arduraz jokatzen duela, eta inor baino kontzienteagoa dela Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketa sakonetaz eta horrek eskatzen dituen jokabideetaz.
Euskal Herrian une historikoa bizitzen ari gara, eta esku artean dugun aukera paregabea ezin dugu pasatzen utzi. Lehia politikoak, alderdikeriak eta bestelako interesak albo batera utzi eta guztiok, bakoitza dagoen tokitik, bere ekarpena egin behar du. Politikariak, komunikabideak, eragile sindikalak…Guzti–guztiok eragin behar dugu, Euskal Herriak makina bat urtean bizi duen sufrimenduarekin bukatzeko.
Eta bide horretan, garbi dago pertsona guztien eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela, minimo demokratikoetako eszenatokira iristeko. Baita euskal preso politikoena ere. Presoak eta iheslariak gatazkaren ondorioetako bat izanik, berauen afera konpondu beharra daukagu, gizarte osoaren ardura delako. Ezin dugu beste aldera begiratu. Eta espetxe politikan ardura zuzena duen Espainiako gobernuak ere ezin du beste aldera begiratzen jarraitu, giza eskubideak urratsen jarraitzen dituen bitartean, indarrean duen espetxe politikaren bidez. Premiazkoa da espetxe politika lehenbailehen aldatzea, amnistiaren bidean: gaixotasun larriak dituzten presoak askatuz, soilik politika egiteagatik preso daudenak askatuz, 3/4ak beteta dituztenak askatuz, Parot Doktrina derogatuz eta preso politikoak Euskal Herrira hurbilduz, dispertsioari amaiera emanez.
Goazen baliatzera euskal gizarteak larunbatean Bake prozesuari emaniko abiada, gogotsu jarraitzeko konponbidearen aldeko elkarlanean.
Aralarrek dei zuzena egin nahi die larunbatean Bilboko kaleetan egon ez ziren alderdiei eta Nafarroako, Erkidegoko eta Estatuko gobernuei, herriak egin duen interpelazioari erantzun diezaiotela berandu baino lehen, eta uneak eskatzen duen mailan egon daitezela.
Aralarrek larunbatean izandako manifestaziotik ateratzen dituen ondorioak eta gizarteari helarazi nahi dizkion mezuak ondorengoak dira:
1.-Euskal Herriko historian izan dugun jendetsuenetarikoa izan zen larunbatekoa. Euskal Herriko gehiengoarekin bat egin zuen manifestazioak eta Euskal Herriko gehiengoa irudikatzen du. Euskal Herriko gehiengoak espetxe politika erro-errotik aldatzea eskatzen du, Gernikako Akordioan jasotakoaren ildotik.
2.-Larunbateko manifestazioa, ETAk borroka armatua utzi ondoren eta Gernikako Akordioak biktima guziak aitortu ostean, urrats bat gehiago da, eta momentu honetan kokatzen du arazoa presoen gatazkaren konponbidean.
3.-Giza Eskubide guztien defentsatik abiatuta, eta demokrazian sakondu beharra aldarrikatuz, Aralarrek dei egiten die euskal erakunde, eragile politiko eta sozial guztiei, bat egin dezaten manifestazio esanguratsu horretako helburu zehatzekin.
0 comentarios:
Publicar un comentario