Berriozarko NaBairen
aldetik argi eta garbi utzi nahi dugu ez gatozela bat Nafarroako Gobernuak egin
duenarekin, beste mozketa bat da, beste eraso bat eskola publikoari eta horren
atzean dagoen helburu bakarra dirua aurreztea da zerbitzu publikoaren kontura.
Ez da egia arrazoi legalengatik egiten dutenik, jakin badakigu arau orokorrari
jarraikiz Berriozarko Mendialdea eskola ez dagoela udalerritik kanpo, baina ibilbideak
dakarren haurrendako arrisku nabarmenak eraman zuen bere garaian
eskola-garraioa ezartzera, eta arrisku egoera hori ez da aldatu, besteak beste,
trenbidea ez baita desagertu eta ikastetxera daraman errepideak estua izaten
jarraitzen baitu eta bihurgunez betea. Beraz, legeari jarraikiz hau bezalako salbuespenezko
egoera baten aurrean Nafarroako Gobernuak erantzukizuna bere gain hartu behar
du eta eskola-garraio publikoari atxiki.
Nabaria izan da, gainera, negoziatzeko hertsitasuna
Hezkuntza Sailaren aldetik. Alternatibak proposatu zaizkie: eskola-garraioa
zortzi urte baino gazteagoentzat bakarrik ezartzea, eguerdiko bidaiak kentzea…
Beti eskatu zaiena txikiendako autobusak mantentzea izan da, heiek baitira
ahulenak distantzia eta eguraldi txarraren aldetik. Baina ez dute amore eman
eta garraioa kendu dute, portzentaje minimo batean lagunduko dutela aginduta
guraso elkarteek ardura beren gain hartuz gero. Hutsaren hurrengoa emanen
dutela erranaz, alegia.Gaur gertatutakoari buruz erran dezakegu ibilki joan diren haur eta gurasoek sekulako testigantza eman dutela herriaren eta agintarien aurrean. Modu baketsu baina indartsu batez erakutsi dute Gobernuak ez duela arrazoirik egin duena egiteko eta agerian utzi dute, halaber, elkartasuna dela bidea gauzak erdiesteko. Berriozarko NaBaitik bide beretik jarraitzera animatu nahi ditugu gurasoak eta auzokideak, oro har.
0 comentarios:
Publicar un comentario